Kuskoa Bi kadira

Lehen bioplastikozko kadira

Pirinioetako mendikatea marrazten duten mendien zolan, paisaia berde bizi batean kokatuak dira Itsasuko herria eta Alki lantegia. Naturaz inguratu ingurumen bat da, lanean aritzeko toki zoragarria. Gustatuko litzaiguke hala izaten segi dezan. Egunero ahaleginak egiten ditugu maite dugun ingurumen hori babesten lagunduko gaituzten bide berriak jorratzeko.
Kontzienteak gara pertsona gisa edo talde mailan egiten dugun guziak eragina baduela ingurumenaren gainean. Horra zergatik lehengai nagusitzat hautatu dugun zura, era iraunkorrean kudeatu oihanetatik datorren haritza den. Gure estaldura gehienak %100 naturalak diren materialak dira (artile, zuntz natural, linolio, eta abar). Aldi honetan ere, ez zen bestela izaten ahal...
Egun Alki-k aurkezten duen Kuskoa Bi bilduma kadira eroso eta inguratzaile baten gisan pentsatua izan da. Horretarako hautatu dugu kusku erdi-ahurra. Halako itxura baten lortzeko erabili behar den materiala plastikoa da, eta honen ekoizpenak eskatzen dituen baliabide fosil mugatu eta kutsagarrien erabilera garapen iraunkorraren aldeko gure baloreen kontra doa. Ondorioz, ikerketa lan sakon bat eraman dugu ekai berri bat hautatu arte: bioplastikoa.
Bioplastikoa polimero bat da. Honen ezaugarri eta propietateak plastiko fosilaren berdintsuak dira. Plastiko fosila bezala, bioplastikoa prozesatzeko hainbat metodo erabiltzen ahal dira: injekzioa, estrusioa edo termokonformaketa. Hala ere, desberdintasun bat bada: begetal eta berriztagarriak diren baliabidetatik dator (betteraba, arto almidoi, azukre kanabera...). Osoki birziklagarria da eta honen ezaugarri organikoek biodegradagarri bihurtzen dute, industria prozesu bati esker. Gainera, ingurumenaren aldeko abantaila handi bat eskaintzen du berotegi efektuko gas isurtzeak murrizten baititu.
Gaur egun, ikerketa anitz eramaten dira bioplastikoa ibilgailuen industria bezalako hainbat industria sektoreri aplikatu ahal izateko. Gure baloreei leial egonez, garapen iraunkorraren aldeko ekitaldi horretan parte hartu nahi izan dugu lehen aldikotz kadira bati aplikatuz.
IKUSI +