Haritza, noblezia, sendotasun eta iraunkortasunaren ikurra da.  
ALKI kooperatiban, haritz-zura lehengai bat baino anitzez gehiago da. Honen erabilerak argi erakusten du enpresa sarrarazi nahi dugula garapen arrazoitu eta iraunkorreko desmartxa batean.  


Hona hemen gure hornitzaile nagusia eta Provost enpresako zuzendaria den Brothier jaunarekilako elkarrizketa. Provost enpresa Sauzé-Vaussais herrian kokatua da, Poitou-Charentes eskualdean, Deux-Sèvres departamenduan. Zuraren salerosketan, lehortzean eta zerratzean espezializatua da. Aldi berean oihan ustiatzaile, inportatzaile eta eraldatzaile dela, enpresak zuhaitz mota desberdinen hornitzeak menperatzen ditu eta enborraren eraldaketa aitzin-zatikatzea arte segurtatzen du.
Frantziako oihanak nola kudeatuak dira?


Laburki errana, bi kudeaketa mota badira: alde batetik, Estatuarena; bestetik, ustiatzaile pribatuena. 
Estatuak, Frantziako Oihanen Bulegoak bereziki, azaleraren %35 kudeatzen ditu. Hemen, XII. mendeaz geroztik, Colbert-engandik iraganez, egiten den eta gaur egun arte iraun duen oihanen kudeaketa publikoa badugu. Estatuko oihanen trazabilitatea ezin hobea da. Oihan horietatik datozen zurak kalitate handikoak dira zeren, handizki eta lerro tinkitan egin landatzeei esker, zuhaitz handiak lortzen ahal baitira, adabegirik gabe eta egitura fin bezain argia dutenak. Argiak  erakartzen baititu, zuhaitz horiek handitzera behartuak dira argiaz baliatu ahal izateko.  
Ustiatzaile pribatuek frantses oihan multzoaren %65 kudeatzen dute. 
Haritzaren oihangintza berriztatze naturalean oinarritua da. Alde horretatik, naturarengandik biziki hurbil dago. Oihanen kudeaketa epe luzerako egiten da, geroko belaunaldiek beharko dituzten baliabideak prestatuz. Haritza erabiliz, beraz, oihanen kudeaketa iraunkorrean nolabait parte hartzen dugu. 
Duda izpirik gabe, Frantziak du haritz kandudunen harrobirik ederrena. Alta, gaur egun egiazko arazo baten aitzinean gara, hau da, lehengai hori nola eskuratu. Alabainan, lehengaiaren heren bat kanpora igorria da, Belgika eta Alemaniaren bidez bereziki. Gero, enbor horiek Asian, Txinan batez ere, salduak dira. Estatuak dirua behar du eta Frantziako Oihanen Bulegoak segurtatzen du duela 10 urte arte oihan ustiatzaile-zerratzaileek egiten zuten lanbidea, hau da, zuraren erosketa honen eraldatu eta saltzeko gisan. 
Gehienetan, oihan baliabidea, estatuko ala pribatu izan, eraldaketatik, hau da, zerrategitik bereizia da. Azken urte hauetan anitz kontzentratu diren zerrategiek (horietarik bi herenak desagertu baitira 15 urteko epean!) gero eta urrunagotik ekarrarazi behar dute lehengaia. 
Haritza ia luxuzko ekai bihurtu da. Eskaria etengabe emendatuz doa eta garesti saltzen da!

Provost familiako enpresa da?


Bai, 1959an Francis eta Gérard Provost anaiek sortu zuten. Jatorriz eskalapoi egileak zirela, beren zerrategia sortu zuten, zur desberdinak lantzen hasiz, hala nola intxaurrondoa, haritza, basagereziondoa eta pagoa. Aitzindari izan ziren zur exotikoa kanpotik sarrarazten hasi zirelarik, Aroxelako portuaren hurbiltasunari esker. Zuhaitz mota hori zur gose ziren industria-zurgindegiei zuzentzen zizkien. Enpresaren sortzaileek bizirik irauten dute eta, nahiz adineko izan, segitzen dute 40 ha-ko beren oihana zaintzen. Bizi oso bateko zaletasuna!

Zer nolako lankidetza duzu Alki-rekin? Noiztik?


Hamar bat urtez geroztik ari gara elkarlanean eta erran nahi dut lankidetza hori konfiantza handi batean oinarritua dela. Kooperatibaren eskakizun maila ezagutzen dugu eta, bai Peio-k, bai haren lankideek badakite gure lanaren errealitatea nolakoa den. Gure zur noblearen %20ko kuota  bat ALKI-rentzat da. Gure iritziz, enpresa hori hoberena da altzarigintza arloan, « Mercedes » baten pare! Hain zuzen ere, zura aparte biltzen dute eta gu, Provost enpresa gisa, harro gara ikusteaz gure ekoizkina zer bihurtzen den ALKI kooperatiboko langileen eskuetan.
Batzuetan, kalitatea segurtatzeko xedearekin eta gardentasun osoz, gertatzen zait Borgoinan erostea. Ongi ezagutzen dudan hango hornitzailea upelgileekin gehienbat ari da lanean eta upelgileak zorrotz-zorrotzak dira haritzaren kalitatearekin. Nire ustez, ALKI enpresa upelgintzatik hurbil da, biek kalitate handiko zura erabiltzen baitute. Upelgintzan baliatu enborrek guttienez 4,20 m luze izan behar dute. Luzera ttipiagoa duen guzia, beraz, salgai da. Hor ere, konfiantzan oinarritu harremana dugu eta, nire aldetik, hornitze horren gainean kontatzen ahal dut nire hornitzaile nagusiengandik lehengai eskasian izanez gero. Merkatua hain da eskaintza-eskarien legearen menpe non zaila baita enborren erosketak aurreikustea.

Zuraren ibilbidea, eskaeratik eskuetaratzeraino?


Haritzak lurreratu dira zerratzea baino bi urte lehenago inguru. Kasu, zuhaitzak ez dira nolanahi mozten, jabeak du erabakitzen, pribatu ala Frantziako Oihanen Bulegoa izan. Lehengaia behin erosiz gero, ezin dugu nahi dugun bezala erabili zeren pikatzea garai eta klimari lotua baita, ingurumenaren errespetatzeko. PEFC (Pan European Forest Certification) ziurtagiria duen eta oihanen kudeaketa iraunkor baten alde engaiatu den gure enpresak baldintza orria zorrozki errespetatzen du. Pikatze garai naturala irailean hasi eta apirilean bukatzen da.  Zoritxarrez, denek ez dute epe hori errespetatzen! Gaur egungo arazoa da.
Behin lurreratuz gero, enborrak aire zabalean bildu eta, gutxi gorabehera urte bat eta erdiz uzten dira lehortzera. Gero, hilabete bat edo biz, artifizialki lehortzen dira egitura hetsi batean, airearen eta higrometriaren kudeaketa zehatz batekin. Garai horren bukaeran, hezetasuna %10-12ra jautsi da, hasieran %70koa zelarik. Ondotik, egonkortasun eta biltze fasea dator. 
Bukatzeko, azken urratsa aitzin-zatikatzearena da, ALKIren eskaeren araberakoa. Zura, plastikozko mintz baten azpian ezartzen da hezetasuna itzul ez dadin, nahiz %14ra berriz igoko dela badakigun. Prozesu luze horren buruan, zura Euskal Herrira joanen da edo ibilbide berri bat abiatuko duâ�¦ 
Bidaia luze hori aitzinetik ikusteko, Peio Uhalde eta biok aurreikuspenak egiten ditugu egiazko eskaerak egin baino bi urte lehenago.
Haritz-zuraren ekoizpenean, bolumenaren %20 inguru altzarigintzan erabilia da.  
Zein dira zur horren bestelako erabilerak?


Erranen nuke ez garela zenbaki horretara ere iristen. Gaur egun, altzarigintza lanbidearen petzeroa da. Kasu, Frantziako merkatua aipatzen dut. Frantzia mailan beti, anitz sufritzen duen beste merkatu bat, ia ez dagoena, sukaldaritzarena da.
Altzari anitz ekoizten duen Portugalak, aldiz, frantses haritza kantitate handitan erosten du!
Nire ustez, Frantzian haritz gehien kontsumitzen duten jarduerak honela ordenatzen ahal ditugu: upelgintza/upelentzako taulagintza, zolako zurtateen fabrikazioa, panelen fabrikazioa, industria-zurgintza, altzarigintza eta zureztadura.

Nondik dator zuen lehengaia?

Gehienbat Touraine eta Anjou eskualdeetan aurkitzen dugu. Châteaubriand-eko eskualdean ere lehengai anitz erosten dugu, estatuko oihan ederrak baitituzte. ALKIrentzat behar dugun kalitate handiko haritza aipatzen badugu, upel egileekilako lehia gogorra da, diru ahalbideak ez baitira berdinak! Ideia bat emateko, guk 10 ordaintzen ahal dugu haiek 30 ordaintzen ahalko dutena!

Nantes eta Rennes hirien inguruan, bai eta Borgoinan ere erosten dugu. Noizbehinka Meuse eta Ardennes eskualdeetan ere, hango basoak miresgarriak baitira. Baina hango zura garesti ateratzen da, Belgikak eta Alemaniak asko preziatzen dutelako!

Lehengaia, hazi den lurpearen eta klima ingurumenaren isla da. Horregatik, nire gustuko, Angoulême-Montluçon-Lyon hiriek osatzen duten lerroaren azpian haritzak ez du ezer balio!

ALKI enpresari saltzen diogun zura kalitate handiko zuhaitzetatik dator, 120-150 urte artekoak eta oin gainean hautaturik! Enborraren diametroa 6-70 cm artekoa da eta horren luzera 6,50 metro ingurukoa: ikusi behar dira, atso horiek, lerrotan jarriak!

Jakizazu Provost enpresan enbor horien zerratzea eta zatikatzea lan seriosa dela.