# MILITANTISMOA

Alki herriko semea da. Berez eta egunero saiatzen gara Euskal Herriari zor dioguna itzultzen, sortzen eta handitzen ikusi baikaitu. Kooperatiba garen heinean, gure lana ekoizpen ekintzatik haratago doa: jendarte eta ingurumen ardura gure egiten dugu, eta lurraldeko kultura militantearekin bat egiten. Erroetan murgilduz, munduari zabaltzeko indarra ere atzematen dugu, Alkiri loratzeko ezinbestekoa baitzaio.

Alki 1981ean sortu zen, krisi garai betean, egoera ekonomiko, sozial eta politiko tirabiratsuan. Herritarrak lan bila Euskal Herritik kanpora joaten zirela ikusirik, bost lagunek erabaki zuten beren energiak eta itxaropenak bateratzea, herrian bertan enpleguak sortzeko eta beraz, Euskal Herria garatzen laguntzeko.

Alkik industria eremuetatik kanpo atzeman zuen habia, lehen tailerra Itsasun plantatu baitzuen. Ingurukoen sostengu ideologiko eta ekonomiko azkarrari esker sortu zen Alki, kooperatiba gisa, alderdi ekonomikotik aise haratagoko balore sakonak defenditzeko xedez.

“Gure ametsetako etorkizuna eraiki ahal izateko, hasteko, irudikatzeko gai izan behar gara”. Hala, Alkik herriko militantismoarekin bat egin zuen, eta lurraldearen garapena, iraunkortasuna, irabazien banaketa zuzena eta tokiko kultura kartsuki defendatu.

Gure proiektua merkataritzakoa bezain kulturala izan dadin nahi dugu. Gure ingurumenaren zerbitzura gaude, eta pertsonen eta enpresen arteko lankidetza sustatzen dugu, gure bezeroei merkatuak eskain dezakeen onena eskura emateko. Horretarako, balio erantsia ekartzen duten eta gure herriaren geroaren alde egiten duten jende, ekimen eta proiektuak sostengatzen eta laguntzen ditugu

Sustengatzen ditugun proiektuak

Bertsolaritza euskal ahozko kulturaren habeetako bat da. Euskaldunek beti inprobisatu izan dute kantuz, oinez eta errimaz. Egun, bertsolaritza betiko ostatu eta sagardotegietatik antzokietara iragan da, eta bertso eskoletan izigarri garatu da. Alki ere mugimendu horren lekuko izan da: hemen, bertsolari txapelketa nagusiaren oholtzan agertu zeneko argazkia.

Herrikoa bertako herritarren aurrezki sistema berritzailea da. Ipar Euskal Herrian milaka enplegu sortu eta iraunarazi ditu. Herrikoak, beraz, erran gabe doa lurraldearen garapen ekonomiko iraunkorrean parte hartzen duela.

Esku pilota elkarteak kirol eta kultura xedeak ditu. Jean-Baptiste De Ezcurra munduko txapeldun ohiak sortu zuen, esku huskako pilota sustatzeko eta biziarazteko xedez, gure herriko funtsezko kiroletako bat baita.

2020ko urte honetan, Alkik elektrizitate hornitzailea aldatu eta Enargia aukeratu zuen. Alki-ren lantegietatik kilometro gutxira dago Enargia kooperatiba, %100 berriztagarria den elektrizitatea ematen duena.

Dantzaz konpainiak proposatu Itsaslaboa dantza ikusgarriaren irudia. Sorkuntza horrek Mikel Laboa omendu zuen, eta protagonisten artean gure Jantzi jarlekuak izan zituen..

Ipar Euskal Herriko barnealdeko herrietan, kabalkadek segitzen dute gertakari herrikoien baitan dantza, bertsolaritza, kantua eta antzerkia uztartzen.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak etxaldeko laborantza eta laborantza iraunkorra sustatzen ditu, baita baserrialdeko eta laborantza munduko ondarea babesten ere.

Euskoa Europako tokiko moneta nagusia da. Tresna kolektibo eta partekatua da, eta Ipar Euskal Herriko eragileen artean elkartasuna eta harremanak sortzen ditu.

Trainerua gure herriko kirol zinez berezia da. Hastapenean, euskaldunak arrantzarako aritzen ziren arraunean. Egun, kirola bilakatu da, Euskal Herriko eta Kantabriako kirol berezia. Alkik Lapurdiko LAT arraunlari taldea, txapelketetan parte hartzen duen Ipar Euskal Herriko talde bakarra, sostengatzen du.

Kalakan musika hirukoteak euskal errepertoriotik edaten du, eta irakurketa garaikideaz janzten. Nazioarteko musika munduko itzal handiko eragile batzuekin aritzen da: Labèque ahizpekin, edota Madonarekin, 2012ko MDNA biran.

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak indar handiak egiten ditu euskarazko murgiltze sistema garatzeko. Familiako transmisioak anitz behera egin duen garai honetan, ikastolak funtsezkoak dira euskal herriaren hizkuntza, euskara, garatzeko.

Denbora-lerroa

1981

Alki 1981-an sortu dugu Itsasun, lapurdiko herri ttiki batean. Garai hartan industrializazioa ahula zen eta ekonomikoki egoera aski larria zen. Gure kooperatiba bost lagunek gure indarrak batuz sortu ginuen hemen lan egin nahi ginuelako. Hastapenetik altzari tradizionalera zuzendu ginen, frantziako merkatura.

1984

Hastapena nahiko zaila izan da, bereziki 1984ean sute batek fabrika parte bat suntsitu duelako. Hala ere, kooperatibako kideek eraikina konpondu ta lanera itzuli gira oraindik eta azkarrago.

1986

Egurraren lanean emandako zorroztasunak eta gure materialen kalitateak, altzari frantses tradizionalean, Alki enpresa erreferente bat bezala laster ezartzeko ahala eman digute. Aktibitate emendatze horreri esker 15 lagun ingurura iritsi gira garai hartan.

1994

1990eko hamarkada erdialdean europar moneta batzuek balio gutxitze handia jasan zuten. Frantziako altzari banatzaileak herri horietan hornitzen hasi ziren orduan, prezio baxuagoak zirela eta. Honela merkatua konkurrentzi haundi batez sofritzen hasi zen.

1998

Altzari tradizionaleko krisi horri aurre egiteko, detektatu ginuen gure eskaintza desberdindu behar ginuela. Egurraren lana burdinarenarekin konbinatzen hasi gira. Biarritz kolekzioak segidan arrakasta lortu zuen, urte batzuz merkatuan mantenduz.

2003

Altzari merkatu tradizionala geroz eta okerrago zihoanez, Peio Uhalde, Alkiko zuzendariak, Jean Louis Iratzoki diseinatzaileari, gure produktu sortari nolabaiteko buelta ematea proposatu zion. Horrela hasi zen bien arteko harremana, urte guttiz kooperatibaren merkatu orientazioa arrunt aldatuko duena.

2004

Jean Louis Iratzokirekin izan dugun elkarlan horrek Emea kolekzioa sortu du. Egur sendoaren inguruko ariketa horrek gure gaitasuneri balioa eman diote. Emea Pariseko Maison&Objet erakusketan aurkeztua da, arrakasta haundia izanez. Kuskoa eta Laia sortek laster argiki utziko dute Alkiren bide berria.

2009

Egiazko aldaketa kohesionatua den lantalde bati esker egina izan da. Produktuez gain, gure balore eta idealetan errotua den markaren inguruko proiektu sakon bat landu dugu. Egunez egun, horrela dugu Alki berritz asmatu.

2010

Jean Louis Iratzokik zuzendaritza artistikoa kudeatuz, kolekzio ugari atera dira, baita Samuel Accoceberry eta Patrick Norguet bezalako diseinatzaileeri esker besteak beste. Gure sorkuntzak, kalitatezko materialekin artaz eginak, erreferente gisa ikusiak izaten hasi dira altzari garaikide merkatuan.

2014

Gaur egun, aldaketa geroz eta sendoago da. Gure produktueri darien goxotasuna munduko alde guzietan estimatua da. Alkik etxebizitza garaikide edo tradizional, MUCEM-eko ostatua, Quicksilver-en bulegoak edota Louis Vuitton fundazioa hornitzen ditu.

2015

Kuskoa Bi-ren aurkezpena. Merkatuko bioplastikozko lehen jarlekua da; hala, kadira horren lehengaien %80 baino gehiago landare jatorriko gai plastikoa da. Produktu horren nazioarteko arrakasta Alkik daraman eko-diseinu desmartxaren saria izan zen.

2020

Alkik, altzari garaikideen kooperatibak, Eñaut Jolimon de Haraneder presidente exekutibo izendatu duela iragarri du. Zenbait urtez zuzendari industrial gisa aritu ondoren, Eñaut-ek Peio Uhalde ordezkatu du postu hortan. Eñaut arduratuko da enpresa hurrengo garapen-fasera zuzentzeaz, proiektu ambizioso batzuekin, hala nola fabrika berri bat eraikitzea, marka digitalizatzea edo negozioaren nazioarteko hedapena.

2021

Alkik bere lehen showrooma ireki du Parisen, 3. barrutiaren bihotzean. Topagune hau gure kontaktu, preskriptore, arkitekto eta gainerako profesionalengana ahalik eta gehien hurbiltzeko pentsatua da, Alki unibertsoan murgiltzera gonbidatuz.

2024

Tailer berria Larresoron. Eraikin berria ekoizpen eraginkor eta iraunkorra ahalbidetzeko pentsatua da. Kooperatibako kideak eta mundu zabaletik etorri jakin-nahi oro inspiratzeko xedea du.